XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kristautasunean Jesukristori dagokio berez jainkozko semetza; baina Jainkoak santutu dituen fededun guztiei ere jainkozko umeordetza (semeordetza, alabaordetza) aitortzen die fedeak.

Ik. Jainkoaren semea; Jainkoaren umeak; Jesukristo.

Jainkoa badeneko frogak
Ik. Jainkoaren izatearen egiaztabideak.
Jainkoak
Ik. Politeismoa.

Jainkoak hartua
Mistikoen bizipen-motatako bat adierazten da horrela: bertan Jainko misteriozkoaren indarrak eraginda eta hartua dagoela nabari bait du gizakiak, Hari jarki ezin izateraino.

Jainkoaren edukitzarekin ez da nahasi behar; esakune hau salbatuari buruz erabiltzen du Bibliak, ikuspen dohatsua adierazteko. Ik. Mistizismoa.

Jainkoaren ama
Maria, Jesus nazaretarraren amari, kristauek ematen dioten deitura, harengandik zela sinesten bait du * kristautasunak; eta benetan Jainko-gizona dela batean * Jesukristo, Mariaren semea.

Efesoko Kontzilioak definitu zuen 431n Ama Birjinaren jainko-amatasuna. Ik. Maria, Ama Birjina.

Jainkoaren atributuak
Ik. Jainkoaren bikaintasunak.

Jainkoaren bakea
Erdi Aroko * araubidea zen, elizgizonak, emakumeak eta umezurtzak gerrateetako indarkerietatik atera nahi zituena. Ik. Jainkoaren tregoa; Bakea.

Jainkoaren beldurgabekeria
Sin.: Jainkoarekiko adeigabetasuna.
Jainkoaren beldurraren, * jainkotiartasunaren edo erlijio-bertutearen kontrakoa: hau da, Jainkoa eta jainkozkoa halakotzat hartu gabe, begirunerik eta adeitasunik gabe hitzez, egitez edo jokabidez erabiltzen dituenaren jarrera.

Ik. Erlijioa eta erlijioak; Erlijioduntasuna; Jainkoaren beldurra.

Jainkoaren beldurra
Bibliak, apaltasunez eta begirunez jainkoaganatzen denaren eta Haren judizioaren kontu duenaren jarrera esaten da horrela: zintzoaren erlijiozko jarrera eta jokabide osoa laburbiltzen du esakune horrek.

Izpiritu Santuaren zazpi dohainetako bat horrela izendatzen du Elizak.

Hori duenari Jainkoaren beldurreko deritza. Ik. Izugarria, zer; Beldurra; Jainkotiartasuna.

Jainkoaren besoa
Bibliak Jainkoaren ahala, munduan eta historian agertzen dena, adierazteko erabiltzen duen esakunea. Ik. Jainkoaren eskua; Ahalguztia.

Jainkoaren bikaintasunak
Sin.: Jainkoaren dohainak; Jainkoaren atributuak; Jainkotasunak
Jainkoaren * misterioari egokitzen zaizkion tasunak, berez gizakiari edo bestelako izaki lurtarren bati dagozkionak: Jainkoaren mugagabetasun eta * baztergabetasunari egokitzen zaizkio, berez mugatuak diren dohainak edo tasunak, hauek nolabait Haren mugagabetasunari dagokion bikaintasunera eramanez.

Jainkoaren deia
Biblian sarritan agertzen den hitza, Jainkoak gizakiren bati, eginkizun edo * misio bereziren baterako zuzentzen dion hots misteriozkoa eta ustekabekoa adierazteko.

Beste erlijioetan ere honelako kontzeptua ezaguna da, bereziki erlijio berriaren eratzaileak harturiko mandatua adierazteko. Ik. Erlijio-fundatzailea.

Horrelako deia izan duena nolabait jabeturik dago, bere eginbidea duela berak errebelazioz harturikoa bestei ematea.

Esanahi horixe jaso du kristau-teologiak, Elizako * ministeritza, misio edo betekizun bereziren baterako Jainkoak norbaiti zuzenduriko barne-hotsa adierazteko.

Horregatik * deiera edo bokazio hitzarekin oso loturik dago.

Erreformatuen artean * predestinazioarekin batera erabiltzen dute Jainkoaren deia hitza, predestinatuei Ebanjelioa onartzera eragiten dien jainkozko eragina aditzera emateko.